ikasle adierazpena

Badira ikasturte batzuk ikasleok Bologna Prozesuaren eta honen inposaketaren aurka borrokatzeari ekin genionetik. Greba Orokor arrakastatsuak, mobilizazio jendetsuak eta makina bat ekimen egin dira jadanik prozesu neoliberal hau gelditzea eta Euskal Herriak behar duen unibertsitate ereduaren inguruko eztabaida zabal eta parte hartzaile bat irekitzea exijitzeko.

Hala ere, oraindik orain, Euskal Herriko unibertsitateek entzungor jarraitzen dute ikasleon zilegizko aldarrikapen aurrean, eta Europako Goi Hezkuntza Esparrua egikaritzea helburu duen unibertsitate eredu berri hau inposatzen digute. Hasiera batean, Bolognako eredua ezkutuan aplikatu nahi izan zuten. Ondoren, ikasleria prozesu honen helburu pribatizatzaile, elitizatzaile eta homogeneizatzaileen inguruan informatzen eta mobilizatzen hasi zenean, unibertsitateko agintariek Bologna Prozesuaren inguruko informazio apologetikoa hedatzeari ekin zioten. Ez zien fruitu handirik eman, izan ere ikasleok ez genuen Bologna Prozesuak onurak baino ekarriko zituela zioen diskurtsoa sinetsi. Ikasleria konbentzitzeko gai ez direla ikusita, hasi dira dagoeneko ikasle borroka kriminalizatu eta erreprimitu nahian. Honetarako gainera, beharrezkoak diren indar polizialak eta mehatxuak erabiltzeko ez dute arazorik izan.

Alabaina, ikasleriak ez du etsiko eta ez gara inon ezkutatuko. Horretara dator Bologna Prozesuaren aurkako ikasle adierazpena, Euskal Herriak behar duen unibertsitate eredua eztabaida zabal eta parte hartzaile baten bidez erabakitzea exijituz. Hasiera honetan esparru ezberdinetako hogeita hamar bat ikasle eta bi ikasle eragile gara adierazpen hau aurkezten dugunak, baina hilabete batzuen buruan milaka ikasle izango gara atxikitutakoak.

Manifestua: castellano

Manifestua deskargatu: .doc (103 KB)

Manifestu honi atxikitutakoak

Munduan nagusi den sistema kapitalista patriarkarrak ez du etenik eskura dituen materia eta ariketa guztiak merkatuaren mesedetan jartzeko asmoetan. Zerbitzu publikoen pribatizazioaren garaian bete-betean sartuta gauden honetan, mundua higikaritzen duten agenteek hezkuntzan dute jarria jo puntu berria. Europaren eraikuntza neoliberalaren baitan, Europar Goi Hezkuntzaren Esparrua ere diseinatua dute neoliberalek, baita horretara heltzeko bidea marraztu ere; Bologna Prozesua.

Europa osoa astintzen ari den zurrunbilo honek, euskal hezkuntza esparrua ere eraldaketa bidean jarri du eta horren lekuko dira unibertsitate ezberdinetan ematen ari diren aldaketak. Baina zurrunbilo honek izan du erantzunik, neoliberalismoaren aurka altxa da europako herri ezberdinetako komunitate unibertsitarioa, eta lekuan leku, Bologna Prozesua gelditzea eta baldintzatzea lortzen ari da. Euskal Herrian ere, gatazka sakon baten baitan aurkitzen gara aldaketa neoliberalek sortu duten kezkagatik eta aplikatzerako orduan ez duelako inongo momentutan komunitate unibertsitarioaren parte hartzerik izan.

Ikasleok hamaika aldiz erakutsi dugu gure iritzia mobilizazio ezberdinen bidez eta agintari ezberdinek gure hitzari muzin egiten jarraitzen dute. Testu inguru honetan, eta inposaketa egoera zehatz honen aurrean, ondorengoa adierazi nahi diogu jendarteari orokorrean eta hezkuntza agintari ezberdinei bereziki:

  1. - Ez dugula hezkuntza merkatuaren mesedetara egoterik onartzen, eskubidea den heinean eta eskubideak salerosten ez direla aintzat hartuta. Herritarren eskura, eskuetan eta zerbitzura egongo den Unibertsitate bat (letra larriz oraingoan) behar dugu eta beraz ezezko biribilena eman behar diogu unibertsitatearen pribatizazioari, homogeneizazioari eta elitizazioari. Gure ezezkorik biribilena beraz Europar Goi Hezkuntza Esparruari.
  2. - Hezkuntza komunitatearen iritzia kontutan hartzekoa dela, ez soilik unibertsitateko eguneroko erabakiak hartzeko orduan, baita unibertsitatearen antolaketa, funtzioa, helburuak, nolakotasuna, eta oro har, unibertsitate eredua zehazterako orduan. Hori dela eta, Euskal Herriak behar duen unibertsitatearen inguruan hitza eta erabakia hezkuntza komunitatea osatzen dugunok dugula adierazi nahi dugu, ikasleok dugun papera azpimarratuz. Demokraziaren izenean (unibertsitateak zaindu eta eredugarri izan beharko lukeenean) inposaketa ez dela bidea adierazi nahi dugu, eta beraz, guztiz arbuiatzen dugula Bologna Prozesuaren izaera.
  3. - Guzti hau kontutan izanik, unibertsitatean ematen den gatazkaren konponbide bakar bezala, unibertsitateko komunitate unibertsitarioak, bere osotasunean, eman beharreko eztabaida partehartzaile eta erabakitzailea ikusten dugu. Ez dago inongo aldaketarik egiterik eztabaida hau gauzatua den artean eta beraz, Bologna Prozesuaren berehalako etetea (moratoria) eskatzen dugu, behar dugun unibertsitate ereduaren inguruko eztabaida zabalduz, berme guztiak mahai gainean jarrita.

Bukatzeko, Jean Paul Sartre idazle eta filosofoaren hitzak gogoratu nahiko genituzke, esan zitueneko berrogeigarren urtemugan, orduan bezain erabilgarriak eta egokiak baitira:

Zuek garatzen duzuen ekintzaren alde interesgarriena irudimena boterera eramaten duzuela da. Zuon irudimena mugatua da, mundu guztiarena bezala, baina zuen nagusiek baina askoz ideia gehiago dituzue. Gu, posiblea denaren eta ez denaren ideia zehatzak izateko gaude formaturik. Irakasle batek zera esango du: “Azterketak ezabatu? Inola ere ez. Perfekzionatu daitezke, baina ez ezabatu.” Eta zergatik hori? Bizitza erdia daramalako azterketak egiten eta jartzen. […]. Zuen irudimena askoz aberatsagoa da eta Sorbonako paretetan irakurtzen diren esaldiek frogatzen dute. Bada zuongandik irten den zerbait harritzen duena, aztoratzen duena, gure jendartea den bezalakoa izatea eragin duen oro ukatzen duena. Nik horri posible denaren eremuaren zabalkuntza deituko nioke. Ez egin uko horri.
Jean Paul Sartre
68ko maiatza

Guk ez diogu uko egiten.
Beste mundu bat posiblea da!
Beste unibertsitate bat posiblea da!

Testu honekiko atxikimendua adierazten dut
(maila pertsonalean)

Testu honekiko atxikimendua adierazten dugu
(kolektibo eta erakundeetarako)